XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Juan Mari Lekuonak Euskaltzaindiako sarrera hitzaldia egin zuen atzokoan J. B. Oiartzun.

Euskaltzaindiak Oiartzungo udaletxeko batzar aretoan ospaturiko ekitaldi jendetsu eta hunkigarri batean, Juan Mari Lekuonak euskaltzain oso bezala bere sarrera hitzaldia irakurri zuen atzokoan, bere osaba On Manuel Lekuona zenak Akademian utzitako aulkia okupatu zuelarik.

Aldi berean, ekitaldi hau Lekuona zaharraren omenezko bilera ere bilakatu zen, oraintsu betetzen bait da, hain zuzen ere, On Manuelen heriotzaren lehen urtemuga.

Oso momentu hunkigarria izan da adierazi zuen Juan Mari Lekuonak bilera bukatutakoan batez ere Oiartzunen ospatu bait da, nere osabaren oroimenean.

Nere aldetik, betidanik ibili naiz euskararen munduan baina, agian, momentu honetatik aurrera, lehengokoari jarraituz, erantzunkizuna areagotzen da.

Alkatearen agurra Goizeko hamarretan eman zion hasera Euskaltzaindiak uztailari dagokion ohizko bilerari, ate itxira.

Bertan tramitezko zenbait gai ikutu ziren, besteak beste, Nafarroako toponimiari buruzko lanaren bigarren atala, irailan berrikusi egin behar dena, edota Euskera aldizkariaren birmoldaketa, datorren zenbakitik aurrera martxan jarriko dena.

Baita iragarri ere hurrengo bilera arrunta Gernikan ospatuko dela irailaren 29an eta 30an, abuztuan ez bait da ohizko bilerarik egiten.

Goizeko hamabietan hasi zen atzoko bileraren bigarren partea, publikoari irekia oraingoan.

Euskal Herriko lurralde desberdinetatik hainbat euskaltzale bildu ziren Oiartzunera, hauen artean, besteak beste, Imanol Murua Gipuzkoako Diputatu nagusia, Mari Karmen Garmendia Hizkuntz Politikarako Zuzendaria edota Herri Batasunako mahai nazionalaren partaide eta euskal idazle ezaguna den Jose Austin Arrieta aipa daitezkeelarik.

Euskaltzaindiako idazkari den Jose Maria Satrustegik aurkezpena eta goizeko bileraren berri eman ondoren, Oiartzungo alkateak, Jon Iñarrak, hartu zuen hitza Juan Mari Lekuonaren Euskaltzaindiratze horrekin bai udalak bai Oiartzun herriak hartu duen poza adieraziz, Juan Mari Lekuona omentzea esan zuen alkateak neurri batean Oiartzun osoa omentzea bait da.

Jon Iñarrak, aldi berean, Euskaltzaindiari eskertu zion euskararen defentsan erakutsitako adorea eta Espainako Konstituzioak euskararen aurka suposatzen duen erasoa salatzeagatik.

Zorionak eman zizkion ere alkateak Juan Mari Lekuonari, Euskaltzaindiari eta Oiartzun herriari, gure hizkuntza erdarak suntsi ez dezan zer garrantzitsu diren On Manuel eta Juan Mari Lekuona bezalako euskaltzaleak azpimarratuz.

Aulki-hartzearen liturjia Euskaltzaindiako buru den Aita Villasantek laburki azaldu zuen On Manuel Lekuonak Akademiako historian izandako papera, ondoren aulki hartzearen zeremoniari hasiera eman zitzaiolarik.

Ohitura denez, euskaltzain berria aretotik kanpo itxaroten zegoen, harik eta barrutik beste bi euskaltzain, Patxi Zabaleta eta Ondarra bere bila joan arte.

Hauek lagundurik sartu zen Juan Mari Lekuona biltzar aretoan bere lekua okupatzeko bildutakoen artean.

Juan Mari Lekuonak, ondoren, bere hitzaldiaren laburpen bat irakurri zuen, lan horren testo osoa aurki argitaratua izango delarik.

Erdi ahozkotasuna edota ahozko eta idatzizko literaturen artean dauden harremanez aritzen da lan horretan Juan Mari Lekuona, hain berea duen maisutasun eta jakinduriaz.

Ahozkotasunatik idazkerara doan prozesoa eta hor erdian, nolabait, sortzen den erdi-ahozkotasuna (bertso-paperak, ezkuizkribuak, edota aldizkariak) sakonki aztertzen ditu Lekuonak, modalidade honi dagozkion estilo ezaugarriak eta erabiltzen diren eredu estilistikoak zehaztuz.

Lotura berri bat daukat hemendik aurrera nere osabarekin esan zuen Lekuonak bere azalpena amaitzeko bere aulkia hartuz eta berak landu zituen gaiak landuz.

Euskaltzaindiako buruordea den Haritxelar izan zen atzokoan euskaltzain berriaren aitabitxia eta, beraz, berari egokitu zitzaion erantzun hitzaldia egitea.

Diskurtso polita oso Haritxelarrek egin zuena, umorez eta dotoreziaz, arras literarioa, eta hasieratik bukatu arte hunkigarria, osaba eta ilobaren arteko paralelismoa hitzaldiaren ardatz bezala hartuta.

Ondoko hitz hauekin eman zion bukaera bere mintzaldiari Iparraldeko euskaltzainak: Lekuona baten aulki hutsean, Lekuona bat jartzen da.

Hura zen Don Manuel, zu zara Juan Mari.